Gehienek mendi lasterketetako lasterkari bezala ezagutzen badute ere, esan, bera dela elite mailan lasterka dabiltzanen artean, zortzimilako bat, Gasherbrum II (Felix Iñurrategik bizia utzi zuen mendia) igo duen neska bakarra. Bi semealaben (Jare eta Inhar) ama eta langilea, berak ere ez dakien lekuren batetik ateratzen du denbora, entrenatu eta izugarrizko mailan aritzeko. EUSKAL SELEKZIOko kidea, 2012tik, oso gutxitan uzten ditu podiumeko kaxak bera bertatik pasa gabe. Bere 2013ko garaipenak kontatzen hasiko bagina (Zuzenien K.V, Aiako Mendi Lasterketa, Larraul-Ernio-Larraul, Sara Korrika…) ez genuke denbora batean bukatuko. Udara, lasterka Alpeetan barrena pasa ondoren izango du zer esan.

Zer kontatuko ote digu…Aitziber Ibarbiak (1977, Zizurkil, Gipuzkoa)?.

 

1.- Zertan egiten duzu lan?

Ikasketaz Arkitektura amaitzear, baina Zizurkilen dudan akademian irakasle naiz.

2.- Betidanik izan zara kirolaria?

Umetan, 14 urterarte edo atletismoa egin nuen. Gero nire kontura tarteka korri egitera joaten nintzen, baina oso gutxi. Duatloi pare bat edo probatu nituen, baina ikasketak zirela eta ez nuen denbora gehiegirik. 23 urtetik 30 arte edo alpinismoan murgildu nintzen. Entrenamendu haundirik etzuen eskatzen jarduerak eta gustora… nahiko alferra izandu naiz konstantzia bat eramateko.

 AITZIBER IBARBIA KIROLARIA

           ” Etorkizun handiko neskak dauzkagu. Muxu bat denei

 

 

 

 

 

3.- Ezjakinentzako, nola sortu zen Gasherbrum II ra joateko aukera?

Pirineoetan lehenik 3000 koetan, Alpeetan gero 4000koetan eta Peruko Andeetan 6000koetan. Handik mendiarekin erabat “engantxauta” bueltatu nintzen. Alberto Zerainekin ibili ginen Perun eta bere laguntzaz prestatu genuen GII rako espedizioa. Bizipen izugarria izan zen, izugarri ikasi nuen, bai elkarbizitzaz eta baita benetan sufritzea zer den ere. Igoera oso gogorra egin zitzaidan, egin dudan gogorrena. Eskarmentua edo ikasita bueltatu nintzen, entrenamenduak beharrezkoak direla zenbait helburu lortzeko, je,je, Hortxe bukatu ziren nire alperkeriak.

4.- Nola hasi zinen mendi-lasterketatan?

2006-an izan zen G-IIko espedizioa, eta 2007-an jaio zen Jare. Bizimodua aldatu zen eta nire buruarekin gogorrago jarri nintzen. Nire senarrak pare bat urte zeramatzan mendi lasterketetan eta ni ere animatu nintzen. 2008-an egin nituen nire lehenengo lasterketak. 2009-an jaio zen Inhar eta 2010-ean berriro ekin nien entrenamenduei. 2011-ean nahiko txukun ibiltzea lortu nuen eta 2012-az geroztik, selekzioarekin nabil, pozik eta gustora.

5.- Nondik ateratzen duzu korrikarako motibazioa?

Momentuz nahiko motibazio izan dut urtetik urtera hobetzen joan naizela ikustearekin. Baina ez da erraza denboraldi osoan motibazioa bilatzea. Aurten oso luzea egin zait eta azken lasterketetan disfrutatzera atera naiz konpetitzera baino gehiago.

6.- Badakigu anaia ere ultratrailetan ibiltzen dela. Ez al duzu pentsatu distantzia luzera salto egitea?

Bufff… hau pereza… Esan eztizuet ba alferra naizela entrenatzeko !! Sartu behar diren kilometroetan pentsatze hutsak nekatu egiten nau.

7.- Nola ikusten duzu euskal nesken etorkizuna mendi lasterketatan?

Mundu mailako lasterkari hobentxuenak dauzkagu Euskal Herrian. Oihana, Maite, Leire, Uxue… Ikusi besterik ez dago berain palmaresak. Gazteak berriz indartsu datoz. Etorkizun haundiko neskak dauzkagu. Muxu bana denei.

8.- Zein izan da 2013ko garaipenik politena?

Giir di Mont-eko hirugarren postua. Helmugakoa oso une polita izan zen.

Aitziber Giir di Mont

       “Brizio, Aitziber eta Silvia Serafini, Giir Di Mont-en “

 

 

 

 

 

 

ON

1.- Lasterketa gogorrena?   Aurtengo Zegama-Aizkorri.

2.- Zapatilla marka bat?   Ez dut oraindik benetan gustokorik topatu.

3.- Korrikarako arropa marka bat?   TERNUA  esan beharko da…

4.- Lasterkari bat?   Hassan Ait Chaou.

5.- Distantziarik gustukoena?   20-25km. artekoak.

6.- Zer da gutxien gustatzen zaizuna mendi lasterketatan?   Bezperako eta irteerako urduritasuna.

7.- Entrenatzeko leku bat?   Ernio ingurua.

8.- Mendi lasterketen bidez egindako lagunik onena?   Elena Calvillo, asko estimatzen dut.

9.- Euskal Selekzioa…  Izugarrizko babesa.

10.- 2014ko Euskaltrail egunean ikusiko al gara?   Bai, bai, aurten bai!

AITZIBER PODIUMEAN

       Besoak altxatzen jarraituko du Aitziberrek …

 

 

 

 

 

 

 

OFF

1.- Galtzak ala gona?   Udan, gona dudarik gabe.

2.- Haragia ala arraina?   Arraina.

3.- Abesti bat…   Jo, eztakit ba, galderarik zailena hauxe… Paso egiterik bai?

4.- Musika talde gustukoena…   Hertzainak.

5.- Afari perfektua?   Entrenamendu baten ostean, krixton gosearekin egin dezakedan edozein.

6.- Edari bat?   Ura.

7.- Parrandarako leku bat?   Lekuak berdin dio, nire koadrillan konpainian bada…seguru galanta.

8.- Monumento bat nori…   Nire amari.

9.- Negar egin zenuen azken eguna?   Nahiko negartia naiz, seguru ez dela denbora asko igaro azken alditik, baina ez dut gogoratzen.

10.- Zizurkilgo txokorik politena?   Nire etxeko terraza, je,je. Ezagutu nahi ??

Milesker Aitziber eta ondo izan.

Unai Ugartemendia.