Iragan den asteburuan, gaur eguneko eta aspaldiko izenak eguneratu ditugu. Orain dela urte batzuk Euskal Herriko lasterketa gehienetan protagonista ziren izenak, berriro ere erakuslehioan azaldu dira. Denen ahotan, hainbat lasterketetan izan ditugun izenak, besteak beste, Oihana Azkorbebeitia, Jokin Lizeaga, Aitziber Ibarbia edo Imanol Goñi esate baterako.

Jada urte batzuk badira, Oihana Azkorbebeitiak bere erakustaldiak eskeintzen dizkigula. Azken urteetan ama izan ondoren, berriro ere, mendi lasterketen munduan sartu da buru-belarri. Orain dela aste batzuk, Apukoko igoeran garaile izan genuenak, berriro ere garaipena lortu zuen Xoxoten (Azpeitian). Gogotsu dago berriro ere abadiñoarra. Ikusiko al dugu berriro ere Zegamako maldetan?

 

Bederatzi hilabete ia geldirik egon ondoren, Jokin Lizeaga berriro ere martxan dugu. Bi lasterketa, bi garaipen. Estreinekoa, Aian egin ondoren, igandean, Salamanca aldean izan dugu. Aurkari gogorrenari, Miguel Angel Herasi handiari, dezenteko tartea atera ondoren, eta errekorrari bederatzi minutu jan ondoren, helmugara bakarrik iritsi zen. Badirudi, lesioak alde batera utziak dituela, eta denboraldiari gogoz ekiteko prest dagoela.

 

 

Aitziber Ibarbiaren kasua ere aipatzekoa da. Oinetan dituen arazoak kontutan hartuta, sufrimendurako dituen doaiak handiagotzen dute. Badirudi, oraingoz, aldapa gora lortzen duen abantailak, jeitsieratan izaten dituen oinazeak baino handiagoak direla. Aurtengoan, bi lasterketetan parte hartu du eta bietan garaipena erdietsi du. Gorputzak emango al dio denboraldia amaitzeko adina?

 

 

Imanol Goñi berriz, inoiz ez da joan. Lehengo urtean ere erakutsi zuen, gogotsu dagoenean eta entrenamenduetan zorrotz ibiltzen bada, Euskal Herrian itzal egingo dion aurkari gutxi dituela. Aita izan berri den honetan, garaipenak ez dute geldialdirik izan. Azkeneko erakustaldia, Azpeitian egin ondoren, sasoiko dagoela erakutsi du.

 

 

Esan bezala, badirudi azeri zaharrak oraindik ere soka luzea dutela aurretik. Asteburukoak, ez dira hauen azken garaipenak izango, ezta gutxiagorik ere. Zorionak denei !