Otsailak 21. Goizeko 9:30tan Leitzan (Nafarroa) gelditua nago, EH. Mendi Erronka-ko koordinatzailearekin. Goiza euritxua eta hotza da. Leitzako plazan, ostiraleroko merkatua jartzen ari dira. Halako batean, ixkin batetik hor ageri zaigu gure gaurko pertsonaia. Agurtu ostean, udaletxeko zinegotziak, lasterketa egunean berbenarako taldea ere zein izango den berri eman dio. Lasterketaren azken kilometroak izango direnak egitera gonbitea luzatu dit (aldaketa txiki bat tarteko), eta baita onartu ere. Oinez hasi orduko, hitz jarioari ekin diogu. Bazuen zer kontatu, eta geldirik egoten ez dakien arren, hartu dugu gure momentua solasaldirako. Gauzak garbi esaten dituen horietakoa dugu, beraz, elkarrizketarekin uzten zaituztet. Gaur gurekin…Iñaki Pazos «Meatzari» (Gallarta, Bizkaia, 1980) ezagutzen.

Nor da Iñaki Pazos «Meatzari»?

Gallartako 34 urteko tipo arrunta, administraria ofizioz eta mendi lasterketak gustuko dituena.

Zaletasuna mendian?

Gurasoei esker. 14 urte izan arte familia ia igandero mendira joaten ginen eta uda batzuetan Pirinioetara. Geroxeago parranda ezagutu eta hamar urteren buruan bueltatu egin nintzen, hasieran mendi martxetan, eta 25 kilo argaldu ondoren mendi lasterketetara. Orain gustukoen dudan distantzia Ultra Traila da, batez ere kirolaren, mendiaren eta kulturaren muina biltzen dituelako. Oso korrikalari traketsa naiz, baina hori ez zait axola.

EMFko epailea ere bazara.

Bai, orain dela hiru urte titulua ateratzeko aukera izan nuen eta aukera ona iruditu zitzaidan, bai mendi lasterketako mundua hobeto ezagutzeko, bai hain maite dudan kirol honi nire ekarpen xumea egiteko.

Gustura zaude?

Bai, oso gustura. Giro ona dago, oso sanoa, baina nahiz eta teknikoki lan handia egiten dugun faltan botatzen dut Euskal Herriko mendizaletasunaren oinarriak suspertzea, hots, euskara, feminismoa, nortasuna, federazio nazionala….

Horrexegatik erabaki zenuen EH Mendi Erronka antolatzea?

Bai, hori da. EMF FEDMEren menpe dagoen bitartean, gure nortasuna galtzen ari zen gogoeta egin nuen, EMFren ereduari alternatiba bat eskainiz bai euskal herriko bai kanpoko mendizaleei. ESAITen proposatu nuen eta aurrera atera zen. EMFko eredua gustuko ez dudan arren, Antxon Burzioren borondate ona eta inplikazioa goraipatzea nahiko nuke.

 

Zergatik Leitza?

Jende askok egiten dit galdera hori; – Zu Gallartakoa izanik nola antolatzen duzu lasterketa bat Leitzan? Erantzuna oso sinplea da: EH Mendi Erronka nazio-proiektua baita.

IMG_20140221_111214

     Mendi lasterketen egutegian arrakasta handia izan du.

    Egia esan xedeari ekiten hasi nintzenean ez nuen espero inola ere halakorik    topatzea. Alegia, bai Leitzak, bai Aresok, Araitzek, Beteluk eta Larraun-  Lekunberrik osatzen duten Plazaola bailara osoa zoragarria da, Leitzako udalak    hasieratik proiektuan sinistu zuen eta inplikatu egin zen. Bailara osoko hamar bat  pertsonak osatzen dugu lan talde ederra, modu asanblearioan funtzionatzen  dugularik, eta jada 350 boluntario ditugun arren, jende gehiagok jarraitzen du  bere burua eskaintzen. Gainera ibilbidea itzela da. Nola ez du arrakasta izango ba !!!

Zure esku balego, zein hiru lasterkari ekarriko zenituzke EH Mendi Erronkarako, bai neskatan bai mutiletan?

Mundu mailan ospe handiko sei kirolarien izena aipatu ahalko nizuke, eta diruaren bidez Leitzan izango lirateke. Baina benetan gustatuko litzaidakeena, EH Mendi Erronkaren dortsala jartzen duen edonor sinetsita egotea da, bai elitea bai herrikoia izanik.

Aurten Marco Olmo etorriko da.

Bai, EH Mendi Erronka nazioarteko proba bilakatu nahi dugu, eta ulertzen genuenez Marco Olmok probaren filosofiarekin bat egiten zuela gonbitea luzatu genion; oso erraza izan da hura konbentzitea. Tipoa handia bezain umila da. Esan digu oso motibatuta dagoela eta ondo prestatuko duela gure proba. Gogoangarria izango da, seguru. Beste sorpresaren bat ere egongo da.

EHMENDI ERRONKA

    Noizbait pentsatu duzue lasterketa auto-sufizientzian egiteko aukera?

     Nik uste dut auto-sufizientziako proba bat iruzurra dela, horretarako hobe da lasterketarik ez    antolatzea eta nor bere kabuz joan dadila mendira.

    Zure ustez, zein osagai izan behar ditu mendi lasterketa batek arrakasta izateko?

     Ibildide erakargarria, logikoa eta naturala,  antolakuntza ona eta inguruaren inplikazioa.

   

Mendi lasterketetan diru sarien alde edo kontra?

Mendi lasterketa bat arrakastatsua izateko alde batetik goi mailako korrikalariek parte behar dute, baina beste aldetik herrikoiek ere bai, bestela proba ezingo litzateke egin, ez da Krossa eta. Bi aldeak dira beharrezkoak, eta bien arteko oreka egon behar da. Beraz, diru sarien alde. Baina gainontzeko korrikalariei arreta ona eskaintzen utzi gabe.

Zer iruditzen zaizu mendiko lasterketak aldez aurretik fijo bat ordaintzea lasterkari batzuk erakartzeko?

Koherentzia eta konprosimoa baldin badago korrikalariaren partez ez diot arazorik ikusten, nahiz eta dietak + diru sariaren formula dudan gustukoen. Onartezina iruditzen zaidana aldez aurretik kirolariaren erretiroa adostea da, lesio bat simulatuz. Horri Mendi Lasterketak usteltzea deritzot. Eta zoritxarrez, egon badago halako kasurik.

Iruditzen zaizu Trail-Runninga kirol minoritarioa dela?

Bai, erabat. Eta zorionez holan jarraituko du izaten bizitza osoan zehar. Mendian araudia naturak berak ezartzen du, eta naturak ezin du jasan gehiengoarena den kirolik. Mendiko lasterketak anitz handituko dira kalitatean, baina ez hainbeste kantitatean.

 

Mendi lasterketen profesionalizatzearen alde edo kontra?

Ez dut uste afera mendi lasterketak profesionalizatu ala ez denik, nire ustez gakoa kirol gardena, garbia, egonkorra, demokratikoa, mendizaletasunaren baloreak dituena, feminista eta herrikoia izatean datza, eta egun, zoritxarrez, ez dugu horrelako kirolik. Beraz, printzipioz, ez nago profesionalitzarearen kontra. Nire ustetan formula egokiena kirol mixtoa da, alegia, etorkizunean ezagutuko duguna.

Lehengo egunean Euskal Trail Egunean izan zinen.

Bai, bazkarira joan nintzen, primeran egon zen. Lan handia egiten duzue, nahiz eta ni neu oso pragmatikoa naizenez, batzutan kanpotik ez dudan zuen lana baloratzen edo ondo ulertzen zerbait kontu. Zorionak !!!  Agian planteatu beharko zenukete Euskal Trail profesionalizatzea, parametro koherente eta gardenekin. Nik ulertuko nuke. Gustatuko litzaidake goraipatzea ere Igor Lopez, guztiok gaude zorretan berarekin. EMFn epailekide daukat eta luxua da berarekin egotea.

DSC01456

    Tertulian deseroso izan zen galdera bota zenuen.

 Bai, egia esan urduri jarri nintzen eta ez nuen ondo azaldu. Alde batetik mahai      inguruan zeuden goi mailako kirolarei galdetu nien ea marka baten babesa izateak  norberaren izaeran eragina duen eta beste aldetik nik neuk egiten dudan  hausnarketa adierazi nuen; arestian komentatu dudan moduan, euskal herriko  nortasuna txikitzen ari delakoan nago, eta nire kezka sakona adierazi nahi nuen.

 

 

Adibiderik jar dezakezu?

Emakumezkoen parte hartze txikia lasterketetan eta EMFren borondate eskasa hura sahiestearren, Euskal Herriko Ultra Trail Txapelketa euskararen presentzia eza, eta hala jarraituko duela dirudi. Modan jarri den oso mediatiko diren speakerrak kontratatzea eta erderaz hutsez aritzea,  EMFko arduradun teknikoen euskara erabiliera eza, FEDMEren arbitraia eta ez EMFarena Zegaman, Nafarroako klubetan federaturiko eta Ipar Euskal Herriko korrikalariek euskal selekzioan parte hartzearen ezintasuna, Espainiako Kopa Zumaian izatea eta Espainiako Txapelketa Izaban izatea, EMFk euskal selekzioa parte hartzera “behartuz”, selekzio autonomiko soil baten moduan…

¿Zein da zure iritzia Nafarroako Mendi Federazioaren gainean?

Haiek arrazoi polititikoak argudiatzen dituzte. Gaur bertan, autoz elkarrizketara nentorrelarik, irratian entzun dut  Nafarroako Mendi Federazioa kexatu egin dela Prudencio Indurainek, bai, Miguelen anaiak, Nafarroako Gobernuko kirol  arduraduna denak, Nafarroako sendak mantendu ahal izateko diru laguntza kendu diolako. Beraz, elkartzeko zeren zain gaude?

Zer proposatzen duzu?

Honen gainean sortu izan zen bilgunea eta lan taldea berpiztea.

Mendi Lasterketako Euskal Selekzioa lagun talde bat da?

Batzuek hori diote, nik ez dut horrelakorik esaten. Eneko oso tipo zintzoa da, eta gaia primeran azaldu zuen bere momentuan. Baina agerikoa dena euskal gizartea ordezkatzen dutela eta euskal gizarteak sarritan eskatu duen Euskal Selekzio ofizialaren alde ezer gutxi egiten dutela. Ematen du EMFk soilik bere burbuila lehiakorrean bizi dela, eta portaera  horri erabat berekoia deritzot.

 

Euskal Herriko zein herrialdetan nabari duzu zaletasun handiagoa?

Gipuzkoan, dudarik gabe. Bere izaeragatik izango da.

Bukatzeko, pasadizoren bat?

TransGranCanaria egin ostean, Zegamako Maratoia prestatzen nengoelalik txispa hartzeko intentzioarekin Izarraitz Maratori Erdia egitera joan nintzen Gallartako lagun batekin. Azkoitira oso goiz heldu ginen, beraz patxadaz egin genuen protokolo guztia; gosaldu, dortsala hartu, hitz egin lagunekin, prestatu… eta guretzako lasterketa oso azkarra zenez asko berotu ere bai, gehiegi.

Irteera heldu ginenean plaza hutsik zegoen:

–  ¡¡¡ Pero chavales, si han salido ya…!!!

ON

Mendi lasterketan egin duzun lagunik onena? Rebeco. Beti gogoan izango dut ezagutu genuen momentua, kar,kar,kar…

Inoiz egin duzun lasterketarik gogorrena? Travessera, bitan irten eta bietan erretiratu egin naiz.

Zein lasterketa egitea gustatuko litzaizuke? Andorra Ultra Mitic, bere edertasunarengatik eta modu naturalean herrialde oso bati itzulia ematen diodalako.

Lasterketa bat: UTMB

Korrikalari mutil bat: Iker Karrera.

Korrikalari neska bat: Leire Agirrezabalaga.

ESAIT: Euskal Herriak behar duen eragile soziala, eta hausnarketa sakona egin behar duena eta herri mugimendu bihurtu. Eta horretan gaude.

OFF

Musika talde bat: Berri Txarrak.

Kanta bat: Zaindu maite duzun hori (Ruper Ordorika).

Parrandarako leku bat: Bilbo.

Edari bat: Cola-Caoa, eztiarekin eta edalontzi handian.

Jaki bat: Aitak Puentedeyn prestaturiko edozein plater natural.

Oporretako plana: Mendia, hondartza eta eguzkia, eguzki itzela.

Mendi bat: Hiru Erregeen Mahaia.

MILESKER IÑAKI !!  

Unai Ugartemendia