Berako maratoi erdiko dorsalak aspaldi agortu ziren arren, igande honetarako beste aukera polit bat dago Mendaron.
Apirilaren 14an jokatuko da Mendaroko mendi lasterketa, 24 kilometrotako proba (23 kilometro mendiz eta bat asfalto gainean). 10:00etan abiatuko dira lasterkariak Herriko Enparantzatik, eta 1.350 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute. Iaz, 113 lagunek parte hartu zuten eta Imanol Goñi iruñearra eta Maite Maiora mendaroarra nagusitu ziren. Errekorra ezarri zuten biek ere, gainera. Goñik 1:53:48ko denboran bukatu zuen proba eta Maiorak 2:20:41ean.
Etun mendira igoko dira korrikalariak eta handik Madariaga auzora egingo dute. Madariagatik hiru bat kilometro egingo dituzte gero aldapa behera, Munitxibarreraino, Kilimon erreka ondoraino, eta handik berriro ere gorako bidea hartuko dute. Larraskanda baserri ondotik igaro eta Otarre gainera igoko dira antenaraino, eta handik Erentza baserri ondotik, Gaintxipixa mendi magaletik, Lizarpera igoko dira. Lizarpetik Garalutzera joko dute gero, probako azkeneko gainera, eta handik aurrera aldatz behera egingo dute guztia. Ibilbidea seinaleztatua egongo da, eta bost anoa postu izango dira guztira.

Izenemateak
Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko eta interesatuek bi aukera dituzte horretarako: Internetez, http://www.herrikrossa.comhelbidean (apirilaren 11ra arte) eta egunean bertan (beti ere kupoa lehenago ez bada betetzen), Mendaroko frontoian. Aurrez izena ematen dutenek hamasei euro ordaindu beharko dituzte, eta egunean bertan ematen dutenek hogei euro. Proba egunean 8:15ean zabalduko dute izena emateko aukera eta 9:30ean itxi. Tarte horretan banatuko dituzte dortsalak ere.

Guztira, zazpi sari izango dira. Lehenengo bostek izango dute saria, bai gizonezkoetan zein emakumezkoetan, eta gero beste bi sari berezi izango dira: beteranoena eta lehenengo mendaroarrari dagokiona.
Informazio gehiagorako: mtemendaro.wordpress.com.