Pasa den larunbata arratsaldean UZ Trail proba ospatu zen Zumarraga eta Urretxu artean. Bi ibilbide zeuden aurtengoan: luzea, orain arte ospatzen zena, 22km eta 1600 metro desnibel positiborekin eta aurtengoan berria zen lasterketa motxa, 11km eta 800 metro desnibel positibo.

100 bat lagun aurkeztu ziren lasterketa bakoitzeko irteera mugan. Lasterketa luzean, Aritz Egea errez gailendu zen bere jendearen aurrean 1:57:13ko denborarekin eta probaren errekora berria ezarriz. Bere atzean bertako beste korrikalari bat, Juanjo Igarzabal hain zuzen ere, Aritzek baina 11 minutu gehiago behar izan zituen helmugara iristeko. Hirugarren lekuan, Oscar Barriuso iritsi zen 18 minutura.

uz mutilak

Emakumeen artean berriz, 5 emakume besterik ez irteeran. Garailea Laida Elizegi zaldibitarra izan zen 2:32:05 denborarekin; bere atzean Maite Zabaleta iritsi zen 14 minutura eta hirugarren Monica Grajera 17 minutura.

uz neskak

Froga laburrean berriz, Ander Nafarrarte izan zen lehena 1:03:45 denborarekin; bere atzean Unai Cobos 1:15era eta hirugarren Imanol Inza 2:15era. Emakumeen artean poztekoa izan zen ia 20 emakume (partaideen %20-a) irteera mugan ikustea. Irabazlea Igone Campos zumarragatarra 1:23:57ko denborarekin; bere atzean Ainhoa Unanue urretxuarra 1:42ra eta hirugarren Mari Jesus Silvano izan zen 3:44ra.

Igande goizean berriz, Azpeitiko VIII. Zuzenien Kilometro Bertikala jokatu zen. Ibilbidea herriko plazatik Xoxoteko mendirarte, 3,3km eta 825 metro desnibel positibo ditu eta aurtengo lasterketa Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Koparako puntuagarria izan da. Ibilbide hau pasa den urtean aldatu zen eta aurten bigarrengoz egingo zuten lasterkariek.

Giro ederra Xoxoteko eguna ospatzen bait zuten ere eta eguraldi ederra korri egiteko. Goizeko 10etan ekin zitzaion irteerari eta korrikalariak 20 segundoro irteten ziren. Guztira 83 korrikalari gerturatu ziren lasterketara eta poztekoa da hauetatik, 13 emakumezkoak izan zirela.

Irteeran bi faborito nagusi: Maite Maiora eta Iban Murua elgoibartarra. Duela bi aste Zegaman garaile suertatu ziren biak eta ikusmin handia zegoen ea bertan emandako erakustaldia errepikatzeko gai izango ote ziren.

Helmugan, Iban Murua garaile 31:37-ko denborarekin. Bere atzetik Mikel Beunza minutu batera eta hirugarren Asier Larruzea 3:13ra. Iban Muruak errekor berria ezarri zuen pasan den urtean Iñigo Larizek egindako denbora bi minutu erdian hobetuz.

julen zuzenien

Emakumeetan Maite Maiorak irabazi zuen 38:23ko denborarekin, 15. sailkapen orokorrean. Bigarren lekuan Ainhoa Lendinez 3:27ra eta hirugarren Maider Fraile 3:45ra. Maitek ere errekor berria ezarri zuen pasa den urtean Montse Vazquez-en denbora bost minutuan hobetuz.

maite zuzenien

Argazkiak: antolakuntza