Eta pasa da. Pasa da pasa den urteko maiatzaren 22tik itxaroten genuen eguna. Pasa da asteburua eta bukatu da XVI. Zegama-Aizkorri. Urtero diogun bezala, pasatako edizioa ezinhobea dela dirudi eta pasa den urteko Zegama epikotzat jo bagenuen, aurtengoa ere ez da makala izan.

Giroa ezinhobea zen Zegamako plazan; beroa bai baina haizea ere bai eta aurreko egunetan nabari zen sargoriaren arrastorik ez. Gezurra badirudi ere, goikaldean jendea txaketak eta jertseak jantzita zebilen. Ibilbidea lehorra, abuztua balitz bezala. Eta mendia zer esan, jendez lepo irteeran zeuden 500 korrikalariak airean eramateko prest.

Egun batzuk aurretik gizonezkoen lasterketa deskafeinatua izango zela zirudien, Kilian eta Luis Alberto gabe, baina egunak pasa hala eta bertan izango ziren korrikalarien izenak jakiten joan ginen heinean, lasterketa geroz eta interesgarriagoa bilakatzen joan zen. Makina bat faborito eta inkognita genituen: Aritz Egea oso indartsu, Marco De Gasperi handia, pasa den urtean bigarren postua lortu zuen Marc Lauenstein norbegiarra, Pere Rullan, Zaid Ait Malek, ostiralean kilometro bertikalean txundituta utzi gintuen Stian Angermund, Julen Larruzea, Hassan Ait Chaou, Ismail Razga, Rui Ueda eta abar luze bat. Apustu egitea ez zen batere erraza izan lasterketa baino lehen.

Nesken artean pasa den urtean lasterketa irabazi zuen Yngvild Kaspersen eta Oihana Kortazar ez zeuden hitzordurako prest baina kalitate handiko izen mordo bat genituen irteeran:  Maite Maiora, Oihana Azkorbebeitia, Megan Kimmel, Emilie Fosberg, Maria Zorroza, Aitziber Ibarbia eta abar luzea. Bono lotoa asmatzea arrazagoa zirudien hemen ere.

Lasterketa betiko legez elizako kanpaiekin hasi zen goizeko bederatzietan; herriari buelta eman ostean abiatu zen tropela aldapa gora Aritz Egea buru zuela. Otzaurteko pasoan, Aritz lehena pasa zen Ismail Razgarekin batera. Agindu bezala, Aritz ez zen ero moduan atera eta Otzaurteko denborak horrela zioten. Beraien atzetik segundo gutxira, talde handi bat faborito guztiekin.

Nesken artean ezer argirik ez lehen pasabide honetan. Edo agian bai, Silvia Rampazzo italiarra aurretik eta bere atzean segundo gutxiko tartearekin beste hainbat korrikalari.

Aratzeko tontorrean gauzak ez ziren asko aldatu eta lasterketa buruak erritmo finko bati eusten zion, burua galdu gabe. Aritz Egea izan zen lehena eta berarekin Marco De Gasperi eta Ruy Ueda japoniarra; Ismail Razga pixka bat atzerago pasa zen eta 3 minutura beste tropeltxoa norbegiarrekin, Adrein Michaud, Julen Larruzea eta Alexis Sévennec bertan zirela.  Nesken artean Silvia Rampazzo italiarra pasa zen lehenengo Aratzeko tontorretik eta bere atzean oso gertu Maite Maiora. Atzetik, eta oso gertu baita ere Megan Kimmel, Addie Bracy, Celia Chiron, Oihana Azkorbebeitia eta abar. Guztiak ere gertu eta denbora tarte gutxian. Aratzeko tontorra pasatzerako, italiarra eta Maite errekorraren azpitik zihoazen.

Ordu laurden eskas zuten lasterkariak hemendik Sancti Spiritura, askotan esan ohi den bezala, benetako hasera puntura. Bertan Aritz eta Marco izan ziren lehenak jendearen txalo zaparrada jasotzen; atzetik oso gertu Ueda, eta dagoeneko Ismail Razga bi minutuko atzerapenarekin zetorren. Ia 3 minutura bi norbegiarrak azaldu ziren eta beraien atzetik Michau, Sévennec eta Larruzea. Hementxe jo zuen kolpea Stian Angermund norbegiarrak eta Aritz eta Marco baino 30 segundo beranduago iritsi zen Aizkorriko tontorrera. Sancti Spiritun zegoen tartea hasi zen gutxitzen hemen. Atzetik Ueda eta Marc Laustein.

Nesken lasterketan Silvia lehenik eta Maite minutu erdira abiatu ziren lehenak Aizkorrirantz; beraien atzean Megan Kimmel, Celia Chiron eta Sheila Avilés 3 minutura. Maite Maiorak hemen ikusi zuen aurrera egiteko aukera eta Aizkorriko puntan, minutu bateko aldearekin iritsi zen, lehenengo postua bereganatuz. Megan Kimmel hirugarren iritsi zen eta bere atzean Sheila Avilés eta Celia Chiron, guztiak ere denbora gutxian. Lasterketa buruan beraz, inoiz baina lasterkari gehiago oso denbora gutxian.

Aizkorriko tontorretik Aketegira lasterketaren beste une klabe bat igaro behar zuten. Stain Angermund-ek Aritz eta Marco harrapatu eta lasterketa buru jarriko zen lehenengo aldiz; hemendik metara, ez zuen askatuko. Aritz Egeak bikain pasa zuen tarte hau baina  Marco De Gasperi eta Angermun-ek atzean utzi zuten. Laugarren tokian Ryu Ueda japoniarra zetorren eta bere atzetik pixkanka pixkanaka aurrera eginez, Marc Lauenstein. Aitxuriko tontorrean 2014. urtean Kilianek lortutako errekorretik 3 segundoko atzerapena zeramakien lasterketa buruak.

Maite Maiorak bere tartea zabaldu zuen zati honetan eta bazirudien horrelaxe izango zela. Hala ere, atzetik Megan Kimmelek indarra galtzen zuen bitartean, Sheila Avilés eta Oihana Azkorbebeitia aurrerantza zetozen. Lasterketa argitzen joan ordez, berriz ere urduritasunak etorri ziren!

Urbiako zelaiak igaro ondore, Andraitzeko tontorra izango zen hurrengo puntu garrantzitsua. Angermund pasa zen lehenengo tokian eta bere atzean bi minutura Marco. Lauensteinek hirugarren tokia kendu zion Aritz Egeari eta Ueda-k, bereak eta bi emanda zetorren tokiak galtzen. Atzetik aurrera sekulako erakustaldia ematen zetorrena Julen Larruzea bizkaitarra izan zen; bere lehenengo Zegaman, eta mendi duatloien mundutik etorrita, sekulako gaitasuna eta estrategia ona erakusten ari zen momentuz. Ibilbidea ondo zegoen hemendik behera ere eta indarrak eduki ezkero edonork hartu zezakeen lasterketa burua.

Maite izan zen lehena Andraitzen baina italiarra atzean zuen bera harrapatzeko prest. Atzetik, dagoeneko 9 minutura Sheila eta minutu batera, erakustaldi eder bat ematen ari zen Oihana Azkorbebeitia. Aurretik aipatu bezala, hemendik metarako tartea luzea da eta korri egiteko indarrak edukiz gero, errez mozten da denbora hemendik behera.

Hemendik behera lasterketa buruak ez zuen amorerik eman eta norbegiarrak sekulako erakustaldia eman ostean, 3:45:08 denborarekin iritsi zen plazara aurreko errekorra errez gaindituz; bere atzetik Marco De Gasperi handia iritsi zen 3 minutuko aldearekin eta podiuma itxiz, Marc Lauenstein 8 minutura. Aritz Egea izan zen laugarren sekulako denbora ezarriz eta inoiz korrikalari euskaldun batek egin duen markarik onena egiten, 3:55:41 denborarekin. Aritzek oso lasterketa ona egin zuen, momentu guztian burua galdu gabe eta bere erritmoa jarraituz eta podiumeko 3. lekua merezi zuen baina atzokoan agian indar pixka bat falta izan zitzaion. Hala ere txalotzeko egindakoa!

Bosgarren Adrien Michaud izan zen eta seigarren, Aritzekin batera aipatzekoa den Julen Larruzea 3:59:49 denborarekin. Bere lehen Zegama izan zen eta pasa den urtean ekin zion buru belarri mendi lasterketei mendi duatloietan bere gaitasuna erakutsi ostean. Bere lehen parte hartzean horrelako denbora bat lortu izana, korrikalari gutxien esku dago.

Nesken artean ere inorrek ez zuen etsi eta ez zen aldaketarik izan. Maite Maiora izan zen garaile sekulako errekorra ezarriz 4:34:27 marka ezarriz. Benetan izugarria Maitek egindakoa eta ezarritako marka eta emandako erakustaldia; honek ere merezi zuen saria eta atzokoan jaso zuen. Bigarren tokian eta 4:37:17 ko denborarekin Silvia Rampazzo italiarra faboritoen artean ez egon arre erakustaldi ederra eman zuen. Podiuma itxiz faboritoen artean agertzen ez zen beste bat, Sheila Aviles 4:43:24 denborarekin. Aipatzekoa Oihana Azkorbebeitiaren 4. postua eta lortutako marka; aipatzen genuen urte hasieran aurten indartsu bueltatu zela eta atzokoa bere kalitate eta sasoi puntuaren ondorio izan zen. Maria Zorrozak ere lasterketa ona egin zuen bere debutean eta 5 orduko marka gainditzea lortu zuen, ostiralean kilometro bertikalean 3. toki lortu ostean.

Orokorrean oso lasterketa ona izan zen korrikalari gehienentzat. Lortutako markak orokorrean oso onak izan ziren eta mendia zaletuez lepo zegoen. Berriz ere Zegamak erakutsi du zergatik den Zegama. Orain, 364 egun (gutxi gora behera) falta dira datorren urteko ediziorako!!

Argazkiak: DW photographer, Carreraspormontana